GIPUZKOA ENCOUNTERRAK MARCA BERRIA HAUTSI DU, 12 MINUTUTAN AGORTU BAITIRA 450 ESERLEKUAK Gipuzkoako informatika topaketaren seigarren edizioa ospatuko da apirilaren 28 eta 30 artean, eta berriro ere ehunka zaletu elkartuko dira Tolosako Usabal kiroldegian Hiru egunez, jarduera anitz gauzatuko dira: arte digital, hardware, software, eta bideojoko lehiaketak, hitzaldiak eta tailerrak, besteak beste Ekitaldiak publikoari irekitako zona bat edukiko du, eta bertan egingo dira gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko ekintzak Gipuzkoako informatika topaketa handiak seigarren edizioa ospatuko du aurten, eta jada marka berria hautsi du: 12 minutu eskasetan erreserbatu dituzte partaideek Tolosako Usabal kiroldegian ezarriko dituzten 400 eserlekuak, izen-emate epea ireki bezain pronto, hain zuzen ere. Gipuzkoa Encounterreko partaide leialenek urte osoa daramate ekitaldia iristeko zain, apirilaren 28tik 30era arte ordenagailuen munduan erabat murgiltzeko irrikan. Euskalamiga elkarteak koordinatzen du partya, eta Tolosako Udalak eta Euskaltel Fundazioak antolatzen dute, Euskaltelen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailaren (Spri-ren bitartez) laguntzarekin. Parte-hartzaileek segundoko gigabyte bateko (1.024 Mb) abiaduran nabigatu ahal izango dute Interneten; hau da, nabarmen gaindituko dute etxeetan izan ohi den konexio-abiadura. Abantaila horrez gain, Gipuzkoa Encounter 6k aisialdi eta heziketa jarduera ugari eskainiko ditu. Horietako batzuk publikoari irekita egongo dira, eta doakoak izango dira. Edizio honetako berrikuntza nagusi gisa, gailu mugikorrentzako Android plataformaren inguruko formazioa bultzatuko da bi tailerren bitartez: hastapen mailakoa eta maila aurreratukoa. Horrela, izena ematen dutenek aukera izango dute informatikaren munduan hazteko ahalmen gehien duten alorretako bat den honetan trebatzeko, aditu baten eskutik. Era berean, Tolosako Udalarekin elkarlanean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna indartzeko ekintzak jarri dira martxan. Kiroldegiko sarreran murala jarriko da, nahi duen orok hiru egunotan zehar bere ekarpena egin dezan. Halaber, Install Party ekimena antolatu dute, gure garuneko ohitura eta sinesmen matxistak “desinstalatzeko” eta buruan programa egokiak “instalatzeko”. Usabalgo jarduera nagusiak Arte digitaleko lehiaketak egingo dira ordenagailu bidezko irudiak eta musika sortzeko,eta programazio jarduerak ere egongo dira. Gainera, bideojoko, software libre eta hardware lehiaketak izango dira; eta partaideei zein publiko orokorrari zuzendutako doako hitzaldiak eskainiko dira. Horren guztiaren osagarri, jokoak eta lehiaketa dibertigarri mordoa izango da. Gipuzkoa Encounterraren jatorria Gipuzkoa Encounter gazte informatika zaleen eskaera dela eta sortu zen, Euskal Enconterraz gain urtean zehar topaleku gehiago nahi baitzituzten. Gipuzkoako topaketaren ama, Euskal Encounterra, Estatuko party handiena eta zaharrena da, bai eta nazioarteko erreferentea ere. Partyak ordenagailuengatik pasioa sentitzen duten pertsonen topaleku handia dira. Zenbait egunez beren ordenagailu propioekin biltzen dira eta ezagutzak partekatu zein gaiarekin loturiko ekintza anitzetan parte hartzen dute. Ekitaldi horien sorlekua Europako iparraldean ezartzen da. Alemania, Finlandia eta Danimarkan oso zabalduak daude, eta 80ko hamarraldiaren erdiaz geroztik ospatzen dituzte. Alde batetik, Demoparty gisa ezagutzen direnak daude, eta informatikaren alderdi sortzaile eta artistikoaren erakustoki bikaina dira. Arte digitalaren topagune dira. Bestetik, Lanparty deiturikoak egiten dira, sareko joen bilkurak. Horien garapenaren ondorio gisa sortu dira jokoen lehiaketa profesionalak. Azpimarragarrienetako bat, GameGune, duela zortzi urtetik hona jokatzen da Euskal Encounterraren testuinguruan. Gipuzkoa Encounter, uztailean ospatuko den Euskal Encounterraren moduan, bi party mota horien konbinazioa da. |