SORMENA, IKASKUNTZA ETA ELKARLANA, LARUNBATEAN ABIATUKO DEN GIPUZKOA ENCOUNTER 6REN GAKOAK Gipuzkoa Encounterreko koordinatzaile nagusi Sabino San Vicentek azpimarratu du ekitaldia Estatuan erreferentziazkoa bilakatu dela, eta partaideen arteko lankidetzak proiektu profesionalak abiarazteko aukera eman duela jakinarazi du Ibai Iriarte Tolosako alkatea aurtengo edizioaz harro dagoela adierazi du, Usabal kiroldegiko 400 eserlekuak 12 minututan agortu baitira Mikel Astorkizak aditzera eman du Euskaltel Fundazioak (ekitaldia antolatzeaz arduratu da Tolosako Udalarekin batera) Gipuzkoarekin eta Euskadirekin abangoardiako teknologia ezartzeko konpromisoa duela Lore Martínez de Axpe Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazio Gizarterako Sistemen zuzendari nagusiak apustu egin du teknologia berriak gizartea kohesionatzeko erabiltzearen alde Eusko Jaurlaritzak Euskadiko konexio-abiaduraren bataz bestekoa hobetzeko konpromisoa duela esan du SPRIko Juan Castrok, eta iragarri du Gobernuaren helburua dela 2015erako EAEko etxe guztietara 30 megako, eta erdietara 100 megako, abiadura helaraztea Larunbat honetan abiatuko den Gipuzkoa Encounterrek Tolosako Usabal kiroldegian elkartuko diren 400dik gora partaideen sormena bultzatu nahi du, baita euren formazioa eta lankidetza sustatu ere. Ekitaldia apirilaren 28 eta 30 artean gauzatuko da eta ongi pasatzeko zein ikasteko ekintzez josita egongo da. Horietako jarduera batzuk publiko orokorrari irekiak egongo dira eta doakoak izango dira. Topaketa Euskalamiga elkarteak koordinatzen du eta Tolosako Udalak eta Euskal Fundazioak antolatzen dute, Euskaltelen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailaren (Spriren bitartez) babesarekin. Sabino San Vicente Gipuzkoa Encouterreko koodinatzaile nagusiak aditzera eman duenez, ekitaldiaren aurkezpen prentsaurrekoan, hitzordu honetan parte hartu nahi duten pertsonen gorakada etengabeak garbi erakusten du topaketa honek urteekin hartu duen indarra. Gainera, gogorarazi du aisialdi ekintzez gain, parte-hartzaileen arteko kooperazioak proiektu profesional anitz bideratzea ahalbidetu duela. Partaideen jatorriari dagokionez, gehienak bizkaitarrak (%46) direla azaldu du, eta jarraian datoz gipuzkoarrak (%26), arabarrak (%9) eta nafarrak (%8). Bestalde, Tolosako alkate Ibai Iriartek adierazi du aurtengo edizioan lortutako arrakastaz harro dagoela Udala, Usabal kiroldegiko 400 eserlekuak 12 minututan erreserbatu baitzituzten partaideek. Ekitaldiaren inguruan sortzen den giroa ezagutu nahi dutenak Tolosara gerturatzera gonbidatu ditu, eta azpimarratu du gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna bultzatzeko bi ekimen antolatu dituela Udalak. Bata, mural kolektibo bat sortzea, eta bestea, lengoaia informatikoan oinarritutako joko bat. Mikel Astorkiza Euskaltek Fundazioko zuzendariak jakinarazi du ekitaldian ezarritako konexio-abiadura (segundoko 1.024 Mb) Euskaltelen konpromiso nagusietako baten adierazgarria dela: Euskadin abangoardiako teknologia ezartzea. Datu gisa, erantsi du Euskalteleko bezeroen %50k 20 mega baino gehiagoko konexio-abiadura daukan bitartean, Espainian %2k soilik gozatzen duela abantaila horretaz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazio Gizarterako Sistemen zuzendari nagusi Lore Martínez de Axpek nabarmendu duenez, teknologia berriek pertsonen eta enpresen arteko lotura estutzen dute, eta beraz, erreminta horiek Gipuzkoako gizartea kohesionatzeko erabiltzearen alde egin du. Spriko Berrikuntza eta Informazioaren Gizarte arloko zuzendariak, Juan Castrok, azaldu du Eusko Jaurlaritzak enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzen duten ekitaldiak bultzatu nahi dituela, eta zentzu horretan egiten dituen esfortzuak Euskadi 2015 Agenda Digitalaren baitan kokatu ditu. Iragarri du epe horretarako xedeetako bat dela EAEko etxe guztietara 30 megako konexio-abiadura helaraztea, eta etxeen erdietara, 100 megakoa. Gipuzkoa Encounter 6aren egitarauan ekintza ugari dago: alde batetik, arte digitaleko lehiaketak egingo dira ordenagailu bidezko irudiak eta musika sortzeko, eta programazio jarduerak ere egongo dira. Gainera, bideojoko, software libre eta hardware lehiaketak izango dira; eta partaideei zein publiko orokorrari zuzendutako doako tailerrak eskainiko dira. Horren guztiaren osagarri, jokoak eta lehiaketa dibertigarri mordoa izango da. Halaber, Tolosaldea Goi Mailako Lanbide Heziketako Institutuko ikasle talde batek partyko muntaketa teknikoan parte hartzeko eta ikasteko aukera izango dute. |