Gipuzkoa Enkounter

Antolatzaileak Tolosako Udala

2012ko Apirila 28-30

Media

Prentsa-oharrak

GIPUZKOA ENCOUNTERREK EUSKADIKO INFORMATIKA SEKTOREAREN INDARRA ERAKUSTEN DU


  • Tolosako alkate Ibai Iriartek azpimarratu du ekitaldiak nabarmendu egiten dituela "batekoen eta zeroen lengoaiaren atzean dauden pertsona, enpresa, baliabide eta proiektu guztiak"

  • Xabier Sabalza Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendariak 600 partaideak zoriondu ditu garapen teknologikoaren abangoardian daudelako


  • Lore Martínez de Axpe Informazio Gizarterako Sistemen zuzendaria honelako ekitaldien garrantziaz mintzatu da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ospakizun honi laguntza ematen jarraituko duela jakinarazi du, horrekin "Gipuzkoak irabazi" egiten baitu


  • Tolosako Udalarekin batera topaketa antolatzeaz arduratu den Euskaltel Fundazioko zuzendari Mikel Astorkizaren hitzetan, partaideak "hitzordu honen arrakastaren gakoa zarete"; Euskalamigak Gipuzkoa Encounterreko bultzatzaile gisa egiten duela lana txalotu du, gainera



Tolosako alkate Ibai Iriartek aditzera eman du, gaur eguerdian Gipuzkoa Encounter 6ren inaugurazioan, topaketa honek "informatika sektoreak Euskadin duen indarra nabarmentzen" duela; izan ere, "batekoen eta zeroen lengoaiaren atzean dauden pertsona, enpresa, baliabide eta proiektu guztiak ikusarazten ditu".

Bestalde, Lore Martínez de Axpe Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazio Gizarterako Sistemen zuzendari nagusiak 600 partaideak animatu ditu hiru egunotan "ikasi, sortu, elkarbanatu eta lehiatu" dezaten. Izan ere, Encounterrek informatika zaleen sormena, formazioa eta elkarlana bultzatu nahi ditu jarduera, hitzaldi eta lehiaketa anitzen bitartez.

Gaurtik astelehenera bitartean etenik gabe ospatuko den ekitaldi hau Euskalamiga elkarteak koordinatzen du. Antolatzaileak dira Tolosako Udala eta Euskaltel Fundazioa; eta babesleak, berriz, Euskaltel, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo saila, Spriren bitartez.

Xabier Sabalzak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo saileko Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendariak, parte-hartzaileen ordenagailuekiko pasioa azpimarratu du eta bilkura hau “Interneteko moteroen” topaketa gisa izendatu du. Horrez gain, garapen teknologikoaren “abangoardian” egoteagatik eta “asaldatzaile” izateagatik zoriondu ditu.

Mikel Astorkiza Euskaltel Fundazioko zuzendariak publikoki eskerrak eman nahi izan dizkio Euskalamiga elkarteari egindako lanagatik eta ekitaldia koordinatzeagatik. Entitateko kideak ekitaldiaren arrakastan “oinarrizkoak” direla adierazi du, eta esker oneko hitzak izan ditu 600 parte-hartzaileentzat, 12 minututan erreserbatu baitzituzten eskuragarri zeuden eserlekuak: “Zuek hobetzen duzue Gipuzkoa Encounterra urtetik urtera”, esan du.

Tolosako Udaberri Dantza Taldearen emanaldiaren aurretik, Ibai Iriarte Tolosako Alkateak parte-hartzaileak herria ezagutu eta “bereziki ikasi, elkarbanatu eta disfruta” dezaten animatu ditu.

Gizpuzkoa Encounter 6ean hainbat ekintza gauzatuko dira: arte digitaleko lehiaketak, irudi eta musika ordenagailua bidez sortzeko; programazio jarduerak, tailerrak, eta bideojoko, software libre eta hardware lehiaketak, beste batzuen artean. Halaber, Tolosaldeako Goi-mailako Lanbide Heziketako Institutuko ikasleek laguntza teknikoa eskaini ahal izango dute partyko arduradunekin batera. Usabal kiroldegiko sarrera dagoen kontsola gunea eta tailerrak publikoari irekita daude eta sarrera doakoa da.