Gipuzkoa Encounter 6k balore matxistak "desinstalatu" eta sexuen arteko berdintasuna bultzatu du Gipuzkoa Encounterren barne, gizonen eta emakume¬en arteko berdintasuna sustatzeko tailer bat egin da gaur, Tolosako Udalak bultzatuta. Medeak taldeko ordezkari batzuk izan dira Usabalen partaideen artean garuneko "balore eta jokabide matxistak desinstalatzeko" eta feminismoarekin bat datozen "programak instalatzeko" helburuarekin. Horrela, informatikaren eta feminismoaren lengoaiak bateratuz, garuna hardwarearekin alderatu dituzte, eta buruan instalatuta ditugun sinesmenak, berriz, softwarearekin. Ekimen honen arduradunek transfeminismoarekin loturiko kontzeptuei buruz ikastera eta gogoeta egitera gonbidatu dituzte Gipuzkoa Encounterreko partaideak. Transfeminismoak, sexuen arteko berdintasuna sustatu ez ezik, jeneroen arteko desberdintasunak gizarteak sortzen dituela defendatzen du, besteak beste. Eszena nagusiaren ondoan jarritako mahai batean "diskete" sinboliko ugari zituzten Medeakeko neskek, eta horietako bakoitzak kontzeptu bat zeraman idatzita: postpornoa, intersexualitatea, queer, heterosexismoa, praktika kontrasexualak... Eurengana gerturatu diren pertsonek kontzeptu berriak ezagutzeko, zalantzak argitzeko eta feminismoaren mundu zabalarekin loturiko edozein gairi buruz informatzeko aukera izan dute. |