Gipuzkoa Enkounter

Antolatzaileak Tolosako Udala

2012ko Apirila 28-30

Media

Prentsa-oharrak

Informatika sektoreko enpresa garrantzitsuetan lanean diharduten talentu handiko gazteak biltzen dira Gipuzkoa Encounterren


  • Partaideek, ondo pasatzeaz gain, ezagutzak elkartrukatzeko eta proiektuak garatzeko aukera aprobetxatzen dute


  • Prestakuntza tailerrek eta informatika segurtasuneko lehiaketek interes handia sortzen dute partyan


  • 600 parte-hartzaileen artean arlo anitzeko adituak daude: segurtasuna, programazioa, mugikorrentzako aplikazioen garapena eta diseinua




Informatikaren arlo anitzetako adituen bilkura nagusietako bat bilakatu da Gipuzkoa Encounter. Partaideen artean, segurtasun, programazio, arte digital edota mugikorrentzako aplikazioen garapen eremuetan eskarmentu handiko gazte ugari daude. Talentu hori Gipuzkoan eta Euskadin geratu ez ezik, nazioartera ere hedatu da; izan ere, parte-hartzaileetako batzuek beste herrialde batzuetako enpresetan dihardute lanean, punta-puntako konpainietan, hain zuzen ere. Eta beste zenbaitzuk goi-mailako teknologiaren garapen alorreko euskal enpresen buru dira.

Héctor Martín Gipuzkoa Encounterreko partaide izan da urte askoz eta, egun, antolakuntzako kide da. Gainera, Google-ek Europa osoari zerbitzua emateko Dublinen duen egoitzan kontratatu dute duela hilabete batzuk. Interneteko milaka zerbitzari kudeatzen ditu egunero, sistemak garatzen ditu eta sortzen diren arazoak konpontzen ditu milioika pertsonek erabiltzen duten bilaketa-tresna erraldoi horrek behar bezala funtziona dezan. Encounterreko informatika aditu handienetako bat izan arren, bilkura honetan gauza berriak ezagutzeko aukera izaten duela aitortzen du; izan ere, bere esanetan, parte-hartzaileen artean munduko informatika enpresa nagusietan lan egiteko gaitasuna duten pertsona ugari daude. Konpainia horiek gehien baloratzen dituzten profilei dagokienez, euren jarduera profesionalaz aparte norbere ekimenak gauzatu dituzten pertsonak baloratzen dituztela adierazi du Héctor Martínek.

Juanan Pereira ere talentu handiko gaztea da. UPV/EHUko Informatika Segurtasuneko eta Software Ingeniaritzako irakaslea da, eta Gipuzkoa Encounterrera etortzen da urtero. Bere hitzetan, "teknika berriak ikasten ditugu, eta segurtasunarekin loturiko garapen teorikoak praktikan jartzen ditugu". Topaketa honetako Hack It lehiaketan gogo biziz parte hartzen ari da, "gaitasun handiko eta arlo ezberdinetako jendea" ezagutzeko aukera ematen baitio, eta hori "oso aberasgarria" dela dio. Egun, Babelium (http://babeliumproject.com/) proiektuan murgilduta dago, hizkuntzen ikaskuntzan ahozko praktiken eraginkortasuna hobetzeko helburuarekin. Jada aplikazio horretan interesaturik daude hainbat euskaltegi eta ingeleseko akademia.

Iván Miranda Protiker (www.protiker.com) enpresaren arduraduna da eta soluzio teknologikoak eskaintzen dizkie bezero partikularrei eta enpresa txikiei. Azken proiektuen artean, antzerki konpainia batentzako argiztapen sistema berezi baten garapena egin du. Espektakuluko danborrak musikaren erritmoa jarraituz argitzen dira. Horretarako, danbor nagusiak gainontzeko danborrei irrati-frekuentzia bidez seinaleak bidali ahal izateko sistema informatiko bat sortu du. Halaber, instrumentu bakoitza kolore ezberdinekin argitzeko, LED gailu bereziak sortu ditu 3D inprimagailu batekin. Horren guztiaren emaitza, ikuskizun benetan txundigarria da. Asko atsegin du Gipuzkoa Encounter: "arazo oso konplexuak gainditzeko lehiaketak daude, eta kasu bakoitzean irtenbide berritzaileak bilatu behar ditugu, gure enpresan egitea suertatzen zaigun moduan".

DesAndroid (www.desandroid.com) ekimeneko arduradun Txus Ballesterosek Android mugikorrentzako aplikazioak sortzeko tailer bat eskaintzen ari da. Eta arrakasta handia lortu du ikastaroak, plataforma horrek jada merkatu-kuotaren erdia bereganatu baitu. Zehazki, iaz, Espainia izan zen munduan smatphone gehien saldu ziren herrialdea; baina Euskadin oraindik ez dago Androidentzako aplikazioak sortzen dituzten ekintzaile asko. "DesAndroiden garatzaileentzako erremintak gauzatzen ditugu, eta orientabidea eskaintzen diegu. Argi dago hazten ari den merkatu honek aplikazio erabilgarri eta berritzaileak behar dituela".

Aitor Cuartango UPV/EHUko hiru campusetako proiektu aholkularia da. Besteak beste, bideokonferentziak egiteko software libreko aplikazio bat sortu du, unibertsitate publikoko ikasleen erabilera masiboa eta aldiberekoa jasateko gai dena. Bere ustetan, Gipuzkoa Encounterrek "ezagutzaz beteriko mundu dinamiko bat dauka bere baitan", "santutegi" moduko bat da, eta bertan "birziklatzeko" aukera dauka, bai eta "gero eta aplikazio seguruagoak sortzeko, informazioa elkarbanatzeko eta ideiak alderatzeko" ere.