GIPUZKOA ENCOUNTERREKO 600 PARTAIDEEK 480 MILIOI MEGA MUGITU DITUZTE SAREAN Larunbat goizetik gaur arte Tolosako Usabal kiroldegian ospatu den informatika ekitaldiko parte-hartzaileek segundoko 692 gigabit prozesatzeko ahalmena duen teknologia erabili dute Sabino San Vicente Gipuzkoa Encounterreko koordinatzaile nagusia pozik dago seigarren urtez ospatutako ekitaldiaren arrakastarekin, eta partaideen kolaborazioa eta antolakuntzako kideen lana eskertu du Tolosako Gazteria eta Immigrazio zinegotzi Mikel Arreseigorrek adierazi duenez, datorren urtean ekintza gehiago antolatu ahal izateko aurrekontua edukitzea espero du Udalak; udalerrian ere ekimenak egin daitezen Seigarren Gipuzkoa Encounterrek nota altuarekin itxiko ditu ateak, jarduera guztietan partaidetza handia izan baita, eta kalitate handiko lanak aurkeztu dituzte sormen lehiaketetan, arduradunek aditzera eman dutenez. Informatika bilkura honen potentziaren erakusle dira 600 partaideek sarean mugitu dituzten 480 milioi megak. Hori egin ahal izateko, ahalmen handiko teknologia erabili dute, segundoko 692 gigabit (692.000 megabit) prozesatzeko gaitasuna duena. Topaketa Euskalamiga elkarteak koordinatu du. Antolatzaileak Tolosako Udala eta Euskaltel Fundazioa dira; eta babesleak, berriz, Euskaltel, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo saila, Spriren bitartez. Sabino San Vicente, Gipuzkoa Encounterreko antolatzaile nagusia partyaren emaitzekin pozik azaldu da, helburu guztiak oztoporik gabe erdietsi baitituzte. Zehazki, Usabal kiroldegitik pasa diren 600 partaideek gozatu eta ikasteko aukera izan dute. Ekintza guztiek, publiko osoari irekitakoak barne, parte-hartze handia izan dute. Partaide guztien jarrera ona eta antolakuntza taldeak egindako lan bikaina eskertu ditu San Vicentek. Bestalde, Tolosako Gazteria eta Immigrazio zinegotziak, Mikel Arreseigorrek, ekitaldiaren arraskastarekin harro dagoela adierazi du, eta datorren urtean ekintza gehiago antolatu ahal izateko aurrekontu gehiago edukitzeko itxaropena duela aipatu du. Izan ere, Udalaren nahia zen herrian bertan zenbait jarduera burutu ahal izatea, iaz bezala. Alabaina, baliabide ekonomiko faltak ezinezkoa egin du egitaraua zabaltzea. Zinegotziak Tolosaldeako Goi-mailako Lanbide Heziketako Institutuko ikasleen lana eskertu du, partyko antolatzaileei azpiegitura teknikoa muntatzen eta mantentzen lagundu baitiete. Arreseigorren hitzetan, ekitaldi honek Tolosa jende berri askori ezagutarazteko aukera ematen du, eta gogorarazi du udalerriak ateak irekita dituela urte osoan zehar. Gauzatutako ekintza anitzen artean, arrakasta berezia izan du Android mugikorrentzako aplikazioak programatzeko ikastaroak, bai eta ordenagailuak eraldatzeko tailerrek ere. Sormenezko lehiaketetan, berriz, oso maila altuko lanak aurkeztu dituztela baieztatu dute antolatzaileek. Musika eta irudiak sortu dituzte partaideek, eta horietako lan batzuek zenbait hilabetetako garapena izan dute. Segurtasun informatikoa oinarritzat duen Hack It lehiaketan ere diziplina anitzeko taldeek jardun dute norgehiagokan eta edotariko frogak gainditu behar izan dituzte: hackinga, atzeranzko ingeniaritza, kriptografia, logika, puzzleak, etab. |